Ariketa fisikoa eta depresioa komunitatean bizi diren hirugarren adineko adinduetan: berrikuspen sistematikoa
PDF

Gako-hitzak

Depresioa
narriadura depresiboa
zahartzaro osasuntsua
ariketa fisikoa eta adinduak

Aipuak nola egin

Expósito Castillo, M., Bidaurrazaga Lopez de Letona, I., Gil, S. M., Duñabeitia, I., & Esain Castañares, I. (2022). Ariketa fisikoa eta depresioa komunitatean bizi diren hirugarren adineko adinduetan: berrikuspen sistematikoa. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 6(1). https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2022.408

Laburpena

Azken urteetan bizi-itxaropena handituz joan da. Zahartzaroarekin batera aldaketak ikusten dira adinduen gaitasunetan. Adibidez, arlo mental eta funtzionaleko aldaketek eta jarduera fisikoaren gutxipenak depresio-sindromea gara dezakete. Tratamenduei dagokienez, farmakologikoak eta ezfarmakologikoak daude. Azkenekoen artean ariketa fisikoa dago; halere, ariketa fisikoa eraginkorra izateko eta depresioan hobekuntzak lortzeko dosi eraginkorrena zein den ez dago zehaztuta. Horrela, berrikuspen sistematiko honen helburu nagusia izan da aztertzea entsegu kliniko desberdinetan zer eragin duen ariketa fisikoak depresioa duten eta komunitatean bizi diren adinduetan. Azpihelburutzat, ariketa fisikoaren maiztasuna, iraupena eta ariketa mota zehaztea hartu da. Hori lortzeko, Pubmed eta Dialnet datu-baseetan, entsegu klinikoen bilaketa sistematikoa egin da barneratze- zein kanporatze-irizpideak aintzakotzat hartuta. PEDro eskalaren bitartez, barneratutako artikuluen kalitate metodologikoa balioztatu da. Bilaketa-prozesua egin ondoren, berrikuspenean 7 ikerketa barneratu dira. Artikulu guztietan osagai anitzeko ariketa astean hiru aldiz egin zutela aipatu beharra dago, nahiz eta interbentzioaren iraupena desberdina izan. Hori kontuan hartuz, maila depresiboari dagokionez, 5 ikerlanetako interbentzio-taldeek esanguratsuki hobetu zuten, besteetan, aldiz, ez zen emaitza adierazgarririk aurkitu. Horrela, lortutako emaitzen arabera, adindu komunitarioen depresio-mailan ariketa fisikoak eragin onuragarriak edota positiboak ditu, depresiomailaren arabera emaitza desberdinak aurkitu arren. Berriz, ariketa fisikoa eraginkorra izateko erabili beharreko dosia oraindik zehazteke dago, eta hurrengo ikerketetarako kontuan hartu beharko lirateke pazienteen adina, sexua eta depresio-maila, talde homogeneoagoak izateko, eta era berean emaitzak zehatzago aztertzeko.

https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2022.408
PDF