Laburpena
Azken urteotan kognizioaren galeraren prebalentzia handitu egin da adinduen artean, mendekotasuna pairatzeko eta instituzionalizatuak izateko arrazoietako bat izanik. Literaturaren arabera, ariketa fisikoak hobekuntzak eragin ditzake adinduetan, eta zehazki kognizioaren galera dutenetan, bai funtzio kognitiboan zein funtzio fisikoan. Hala ere, aldaketa horiek eragiteko ariketa motari buruzko adostasunik ez da aurkitu. Horrela, berrikuspen sistematiko honen helburu nagusia da ausazko entsegu kliniko desberdinetan aztertzea zer eragin daukan ariketa fisikoak galera kognitiboa duten adindu instituzionalizatuen funtzio kognitiboan. Bigarren mailako helburu gisa, funtzio fisikoan ere ariketa fisikoak nola eragiten duen aztertu nahi izan da. Hori lortzeko Pubmed datu-basean ausazko entsegu klinikoen bilaketa sistematikoa egin da barneratze- eta kanporatze-irizpideak kontuan izanda. PEDro eskalaren bitartez ikerketen kalitate metodologikoa balioztatu da. Guztira berrikuspenean 7 ikerketa aztertu dira. Ikerketa guztietan interbentzio-taldeetan ariketa fisiko aerobikoa edo osagai anitzeko ariketa fisikoa egin zen. Funtzio kognitiboari dagokionez, 3 ikerlanetako interbentzio-taldeek estatistikaren aldetik modu esanguratsuan hobera egin zuten, beste hirutan ez zen emaitza adierazgarririk aurkitu, eta azken taldean emaitzak nabarmen eskastu ziren. Funtzio fisikoari dagokionez, emaitzak askotarikoak izan ziren, hobetu, mantendu zein eskastu zelarik parte-hartzaileen funtzioa. Ariketa fisikoak efektu positiboak ditu adindu instituzionalizatuen funtzio kognitiboan, nahiz eta kognizioaren galeraren mailaren arabera emaitzak aldakorrak izan. Era berean, funtzio fisikoan ere hobekuntzak ikusi direla aipagarria da, nahiz eta kasu gehienetan emaitzak estatistikoki adierazgarriak ez izan.