Laburpena
Lan honen helburua da haurdunaldi eta edoskitzaroan zehar ager daitezkeen bular-patologien aurkezpen kliniko-erradiologiko ohikoena eta paziente horien maneiu egokiena aztertzea.
Haurdunaldi eta edoskitzaroan zehar, gorputzeko maila askotan aldaketa fisiologikoak eragingo dituzten gorabehera hormonal nabariak gertatuko dira. Hormona-estimulu horien eraginpean diren ehunen artean bularra aurkitzen da, aldaketa fisiologikoez gain batzuetan patologia ere jasango duena. Garai horietan aurkitzen den bular-patologia gehiena onbera izango da, eta diagnostiko ohikoenen artean galaktozelea, mastitis infekziosoa, fibroadenoma eta edoskitzaroko adenoma ditugu. Horiek ezagutzea ezinbestekoa da edozein erradiologorentzat, patologia gaiztoarekin ez nahastu eta pazienteen maneiu kliniko egokia bermatzeko.
Diagnostikoa duten kasu gehienak sintomak agertzen dituzten emakumeetan aurkitzen dira, eta agerpen berriko lesio ukigarria da kontsulta-arrazoi nagusia. Bular-ekografia da paziente horien miaketan erabilitako aukerako teknika diagnostikoa; gainerako teknikak, berriz, soilik beharren arabera eta aurkikuntza ekografikoak osatzeko erabiliko dira.
Haurdunaldi eta edoskitzaroari loturiko bular-minbizia, patologia onbera baino askoz bakanagoa bada ere, gaur-gaurkoz minbizirik ohikoena da eta haren diagnostiko azkarra ezinbestekoa da, tumore-batzorde baten bitartez pazienteari ahalik eta atentzio azkarren eta osatuena bermatzeko.