UEUk euskal unibertsitario eta komunitate zientifikoaren euskarazko material mugatuaren arazoari irtenbide bat emateko konpromisoari jarraituz, baliabideak jartzen ditu euskal komunitate zientifikoaren garapenerako tresnak eskainiz. Gaur egun euskara hutsezko 3 aldizkari zientifiko daude aktibo UEUn, alor desberdinetako jakintzen komunikazio zientifikoa goi mailako bermeekin argitaratzeko prozedura eta garantiak eskaintzen dituztenak.

Aldizkariak

  • Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria

    Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria 1990ean sortu zen, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuarekin. Argitaratzen dituen lanak honako arlo hauetakoak dira:

    Antropologia. Etnologia, Artea, Ekonomia eta enpresa, Filologia, Filosofia, Geografia, Hezkuntza, Historia, Hizkuntzalaritza, Ikasketa Klasikoak, Informazio- eta dokumentazio-zientziak, Itzulpengintza, Komunikazioa eta Kazetaritza, Literatura, Psikologia, Soziolinguistika, Soziologia. Populazioa. Gizarte-lana, Teknologia, Zientzia juridikoak, Zientzia politikoak.

  • Osagaiz: osasun-zientzien aldizkaria

    Osagaiz aldizkaria Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) elkarlanetik sortu da, osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzeko eta ikerketa taldeen lanak ezagutzera emateko helburuarekin. Osasunarekin erlazionaturiko ikerkuntza mota guztiak hartuko ditu barne. Izan ere, aldizkariak osasun arloko euskal komunitate zientifikoak eginiko aurkikuntza zientifikoen transferentzia-tresna izatea du xede.

  • Kondaira: euskarazko historia aldizkaria sarean

    Kondaira aldizkarira, historia euskaraz lantzea ardatz duen aldizkari elektronikoa da. Proiektu honek, euskaldun historialarien eta orotariko historiazaleen topagune izan nahi du. Kondaira UEUko Historia Sailak sortu zuen 2003. urtean eta ia urte biko geldialdiaren ostean berriro ekin zion proiektuari. 2018 urtera arte ale bat atera du.

    2023an atera du azken alea HISTORIALARI EUSKALDUNEN NAZIOARTEKO VI. TOPAKETAn aurkeztu ziren lanei zabalkundea emateko.