Laburpena
IULATERM taldeak 2018an Diximed proiektuaren barruan haurrei zuzendutako pediatriako hiztegia egin zuen paperean, eta sareko bertsioa garatzen hasi zen 2019an, lehenengoz, katalanerako eta gaztelaniarako, ondoren, galizierarako eta ingeleserako. 2026an euskarazko bertsioa egin du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Euskal Wikilarien elkartearekin eta Zarauzko Orokieta eskolarekin batera.
Hiztegiaren helbururik behinena haurrei osasun-arloko terminoak ulertzen laguntzea da.
Ausubelen Ikaskuntza Esanguratsuaren Teoria oinarri hartuta, Egin-Desegin-Berregin (EDB) metodologia erabili da hiztegia sortzeko: lehenik, Lehen Hezkuntzako ikasleek pediatria-alorreko termino erabilienen inguruan duten ezagutzari buruzko informazioa bildu dute ikertzaileek; ondoren, terminologoek osasun-alorreko profesionalekin batera, medikuntzako informazioa eta haurren usteak bateratuz sortu dituzte hiztegiko definizioak. Hala, kontzeptu medikoak ez ezik, haurren gaizki-ulertuak eta beldurrak ere hartu dira kontuan definizioak eraikitzerakoan.
Lanaren emaitza DIXIMED da, sarean kontsulta daitekeen pediatriarako hiztegia. Hiztegiak 400 inguru osasun-termino biltzen ditu (haurrei ezagunagoak zaizkien terminoen aldakiak barne), bai eta definizioak eta haiek laguntzen dituzten haurren marrazkiak ere. Sareko hiztegia aberastu da haurrek ozenki irakurritako definizioen grabaketekin, haientzat egokitutako anatomia-atlasarekin eta zenbait jokorekin.
Hiztegi hau 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrei egokitutako Medikuntzako euskarazko lehen hiztegia da. Paperezko eta sareko bertsioak (katalanez eta gaztelaniaz daudenak) Kataluniako pediatria-kontsultetan, ospitaleetan eta eskoletan erabiltzen dira, eta oso baliabide lagungarritzat hartzen dituzte pediatrek eta hezitzaileek, besteak beste, haurrekin tratatzeko zailak diren gai batzuei buruzko elkarrizketak bideratzeko.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2026 Pablo Albizu Garitano, María Jesús Aranzabe Urruzola, Rosa Estopà Bagot, Igone Zabala Unzalu
