Farmakologia eta Terapeutikaren inguruko GrAL aukerak: ikuspegi bibliografikotik esperimentalera
.PDF

Gako-hitzak

Farmakologia
Terapeutika
GrAL
Ikasketa bibliografikoak
Lan esperimentalak

Aipuak nola egin

Plaza Zabala, A. (2025). Farmakologia eta Terapeutikaren inguruko GrAL aukerak: ikuspegi bibliografikotik esperimentalera. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 9. Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/6034

Laburpena

Farmakologia eta Terapeutika arloetan interesa duten ikasleentzat, hainbat gaixotasunen tratamendu farmakologikoan oinarritutako gradu-amaierako lanak (GrAL) egiteko aukera eskaintzen dut, bai ikuspegi bibliografikotik bai ikuspegi esperimental edo mistotik.

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle eta ikertzaile naizenetik (2021), hainbat GrAL zuzentzeko aukera izan dut Farmazia eta Medikuntza eta Erizaintza fakultateetan. Gaur egun, nire irakaskuntza eta ikerkuntza-egoitza Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean aurkitzen da, Farmakologia sailean, konkretuki.

Nire zuzendaritzapean egin daitezkeen lanen ildo bateragarriak Farmakologia eta Terapeutika dira. Beraz, orain arte zuzendutako lanek gaixotasun ezberdinen terapeutika farmakologikoan dihardute, eta hauen helburuak tratamendu ezberdinen eraginkortasun edota segurtasun-ezaugarriak aztertzearekin zerikusia daukate.

Lan bibliografikoek egitura antzekoa izaten dute. Lehenik, gaixotasunaren aurkezpen klinikoa eta fisiopatologia lantzen dira, hauek ezagutzea ezinbestekoa baita tratamendu farmakologikoen ituak ulertzeko. Geroago, estrategia terapeutiko ezberdinak aurkezten dira, bai klinikan abian daudenak bai garatzen ari direnak. Azkenik, estrategia terapeutikoen ezaugarri farmakologikoetatik abiatuta, hauen eraginkortasun edota segurtasun klinikoari buruzko informazioa jorratzen da, lanaren helburuen arabera.

Orokorrean, lan bibliografiko hauek gizakian egindako ikerketetan oinarritzen dira, batez ere entsegu klinikoetan, berrikuspen sistematikoetan eta meta-analisietan. Hala ere, testuinguru honetan, lan preklinikoak ere aipa daitezke, izan ere, garatzen ari diren farmako berriak oraindik alor preklinikoan egon daitezke. Era berean, segurtasunari buruzko informazio zehatza, adibidez kartzinogenia edo teratogenia ebidentziak, batzuetan datu preklinikoetan bakarrik aurkitzen dira.

Honekin, ikasleek hainbat konpetentzia zehatz eta transbertsal eskuratzen dituzte osasun-zientzien formazioan. Konpetentzia hauek testuinguru jakinetan dagoen informazioa bilatu eta ulertzearekin lotuta daude, baita informazio-iturri fidagarriak eta ez-fidagarriak bereiztearekin ere. Hau beharrezkoa da lanaren proposamen egoki bat aurkezteko orduan, ikerketaren paziente ituak bilatzeko, konparatuko diren esku-hartzeak zehazteko eta emaitzak aztertzeko eta laburbiltzeko. Jakina, hau guztia, ondoren, formatu egokian idatzi eta aurkeztu beharko da, GrAL-ak eskaintzen dituen konpetentzien eskurapena bermatzeko.

Nire gidaritzapean GrAL esperimentalak proposatzea ere posible da, baita GrAL mistoak ere. Azken hau, emaitza esperimental batetik abiatuta, lan bibliografiko bat garatzean datza. Lan esperimentalak egiteko orduan, nire ikerketa-ildoek mielina-galera edo sustantzia zuriaren anomaliak agertzen diren garuneko gaixotasunei buruzko farmakologia esperimental eta terapeutikoari buruzko lanak burutzeko aukera ematen dute. Horretarako, gure laborategian eredu zelularrak, baita animalien edo gizakien garun-ehunak ere erabiltzen ditugu. Izan ere, azken urteotan, oligodendrozitoen leinuko zelulen garapen eta funtzioan lisosoma-bideek duten garrantzia aztertzen dugu, mielina-galera edo sustantzia zuriaren anomaliak dituzten gaixotasunen tratamendurako itu terapeutiko berriak proposatzeko asmoz.

Interesik baduzu edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, jar zaitez nirekin harremanetan!

.PDF
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2025 Ainhoa Plaza Zabala