Laburpena
- Sarrera
Obesitatea XXI. mendeko osasun arazo nagusietako bat da, haren prebalentzia etengabe areagotzen ari baita. Morbi-mortalitate handiko hainbat patologiarekin erlazionatuta dago, urtero 2,8 milioi heriotza eragiten dituela estimatuz. Gaur egun, tratamendu eraginkorrena kirurgia bariatrikoa da, eta gastrektomia bertikala da teknikarik erabiliena. Ikerketaren helburua kirurgia ondorengo epe luzeko pisu-galera eta komorbilitateen hobekuntza aztertzea da; baita prozesuan eragina izan dezaketen faktore biopsikosozialak ebaluatzea ere.
- Metodologia
Atzera begirako ikerketa analitikoa egin da, 2011-2020 bitartean Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egindako gastrektomia bertikalak aztertuz. Emaitzak bost urtera ebaluatu dira. Azterturiko aldagaien artean ezaugarri demografikoak, galdutako gorputz-masaren indizearen ehunekoa (%GMI) eta ezaugarri psikosozialak daude. Kirurgiaren porrotarekin erlazionaturiko faktoreak identifikatzeko, erregresio logistiko multibariante modelo bat sortu da, eta estatistikoki esanguratsuak diren aldagaiekin nomograma bat garatu da.
- Emaitzak
Guztira 324 paziente aztertu dira, horietatik %74,2 emakumeak izanik. Gehiengoa ezkonduta zegoen (%64,1), eta ikasketa-maila ertain-altua zuen (%73). Emakumeek ikasketa-maila baxuagoa, errenta txikiagoa, antsietate-depresio egoera eta elikadura-ohituretan pikatzeko joera handiagoa erakutsi dute (p<0,05). Gizonek, aldiz, tabako eta alkohol kontsumo handiagoa adierazi dute (denak p<0,05). Sindrome metabolikoaren prebalentzia ere handiagoa izan da gizonengan.
Bost urtetara, galdutako batez besteko gehiegizko GMI %62,3 izan da. Komorbilitateei dagokienez, sindrome metabolikoaren (%32,7 vs %7,24), diabetearen (%31,6 vs %10,9), hipertentsio arterialaren (%38,2 vs %18) eta lo-apnea obstruktibo sindromearen (%67,9 vs %8) prebalentzien hobekuntza esanguratsua ikusi da (p<0,05). Aldiz, dislipemiaren hobekuntza ez da estatistikoki esanguratsua izan (%25,2 vs. %10,9; p=0,08). Emaitza hauetan eragina duten faktoreak aztertzerako unean, ikusi da kirurgiaren porrotarekin erlazionatutako faktoreak hauek izan direla: sindrome metabolikoa, egoera zibila, errenta-maila baxua eta zaurgarritasun-maila handia (p<0,05).
4. Ondorioak
Gastrektomia bertikala obesitatearen tratamendu eraginkorra da bost urtera, bai pisu galerari dagokionez, baita komorbilitateen hobekuntzari dagokionez ere. Hala ere, faktore biopsikosozialek emaitzetan eragin nabarmena dute. Ezkonduek, maila sozioekonomiko baxukoek, sindrome metabolikoa dutenek eta zaurgarritasun gradu nabarmena duten emakumeek kirurgia-hutsegite arrisku handiagoa dute. Horrek azpimarratzen du ikuspegi integralaren eta jarraipen pertsonalizatuaren garrantzia.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Ibabe Villalabeitia Ateca, Aingeru Sarriugarte Lasarte, Irati Omar Lopez, Gaizka Errazti Olartekoetxea

