Laburpena
Osasun Sustapenerako iparrorratz diren osasunaren determinatzaile sozialek herritarrak zer inguruabarretan jaio, hazi, bizi, lan egin eta zahartzen diren hartzen dute aintzat, inguruabar horiek baitira gaixotze-faktoreen %75. Hala ere, osasunaren determinatzaile sozialak ez dira modu homogeneoan banatzen hirian, eta oso alde nabarmenak daude auzo batetik bestera, elkarrengandik oso gertu egonda ere (1). Horrela, beste hiri askotan bezala, bizi-itxaropena desberdina da Donostian ere auzoaren arabera. Auzoek behar desberdinak izateaz gain, indargune eta identitate propioak dituzte. Hau, hurbiltasuneko zerbitzuetan eta pertsonen eguneroko bizitzako guneetan lan egin duten profesionalek oso erraz identifikatzen dute. Osasun komunitarioa komunitate bateko gizabanakoen eta taldeen osasunaren adierazpen kolektiboa da, eta hainbat faktorek baldintzatzen dute, hala nola gizabanakoen ezaugarriek, familiek eta gizarte-, kultura- eta ingurumen-inguruneak, osasun-zerbitzuek, faktore sozial politiko eta globalek (2). Hori kontuan hartuta, gizabanakoen, familien eta komunitateen ongizatea hobetzeko, osasuna areagotu dezaketen ekintzak ezar ditzakegu, dauden baliabideak aprobetxatuz. Horretarako, tokiko sareko lana hainbat eragileren arteko aliantzak eta sinergiak sortzeko aukera ematen digun baliabide bat da, helburu komunak ezarri ahal izateko eta gizarte-erronka berriei erantzun kolektiboak eman ahal izateko. Horrela, baliabideak hobeto aprobetxatzen dira eta erronkei ematen zaizkien erantzunak jasangarriagoak, partekatuagoak eta gertuagokoak dira. Modu ez-hierarkikoan antolatutako tokiko sare horiek osasunean eragin zuzena duten gai edo kezka komunen inguruan egituratzen dira, eta beren ahaleginak koordinatuta eta lankidetzan jardutera bideratzen dituzte, konpromisoan eta konfiantzan oinarrituta. Nahiz koordinaziorako elkarguneak dauden maila ertainean eta goi mailatan (lurralde, eskualde edota udal mailako zerbitzu arduradunenak), ez da ohikoa auzoetan arreta zuzenean dauden profesionalen elkarguneak egotea. 2021/2022 ikasturtean Gipuzkoako Foru Aldundiak ekintza komunitariorako egindako lan kolektiboaren ostean, ekintza publikora bideratuta marko kontzeptual, estrategiko eta operatiboa definitu du. Dokumentu honek proposatzen duen markoak hurbiltasunetik bideratu nahi du ekintza komunitarioko politika, erakunde eta lurralde eskala ezberdinetan (3). Marko hau udalerri bakoitzaren errealitatera egokitu beharko da. Erabiltzen den metodologia komunitarioa harremanak sustatzean oinarritzen da. Marko honetan rolak, estrategiak eta printzipio metodologikoak zehazten dira, erraztea eta eraikitzea izanik administrazio publikoek, ekintza komunitarioan izan behar dituzten bi rolak. Gizarte gaitasunak ahulagoak diren testuinguru batean administrazioaren rolak eraikitzailea izan behar badu, gizarte indartsu eta antolatuetan, aldiz, erraztatzailearen rola izan beharko luke. Testuinguru honetan jaio eta garatu da Erlauntza. Kolektiboa eta partekatua den ekimen hau Donostian zirriborratzen ari den ekintza komunitarioaren pieza bat da.