Nola iker dezakegu pediatrian?
pdf

Gako-hitzak

Lehen Mailako Arreta
pediatria
ikerketa
ebidentzian oinarritutako praktikak

Aipuak nola egin

Apalategi Gomez, U. (2024). Nola iker dezakegu pediatrian?. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 8. Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/5129

Laburpena

Lehen Mailako Arretan (LMA) bost kontsultetatik batean, ezagutza-behar bat sortzen da, eta horrek erantzuna behar duen galdera klinikoa eragiten du. Badakigu, ordea, galderen %60 baino gehiagok ez duela ondoren informazio-bilaketarik izaten. Pediatriako erizaintza zein medikuntzako espezialitateetako programa ofizialetan, ikerketari lotutako konpetentziak jasotzen dira, praktika klinikoa eta pertsonei emandako zaintzen kalitatea hobetzeko eta espezialitateko ezagutzak areagotzeko beharrezko ezagutza eta gaitasun gisa. Beraz, ikerketak LMAko jarduera erregularra izan beharko luke. Errealitatean, ordea, desoreka nabarmena da ezagutza-beharren eta ikerketa-jardueraren artean. Zentzu honetan, LMAn ikerketa gauzatzeko dauden zailtasunak aski ezagunak dira. Hala ere, gure testuinguruan gauzatu diren ikerketen adibideak ugariak dira, eta askotarikoak ikerketa eremuari, metodologiari zein diseinuari dagokionean. LMAn ikerketa-proiektu iraunkorrak eta jasangarriak lortzeko, funtsezko erronka eta estrategien artean profesionalen formakuntza, LMA unibertsitatean txertatzea eta beharrezko gutxieneko azpiegiturak eta ikerketa-sareak sortzea leudeke. Ildo honetan, Osasun Ikerketa Institutuetako (OII) laguntza-unitateei esker osasun-sistemako profesionalek, ikerketan murgiltzeko edota euren ikerketa proiektuak aurrera eramateko baliabide paregabea daukate. Bestalde, garapen-teknologikoari eta datuak biltzeko plataformen irisgarritasunari esker, patologia zehatzen inguruko ikerketa-sareak ugaritu egin dira pediatriako espezialitate guztietan. Ikerketa-sareek fisikoki urrun dauden diziplina anitzeko ikertzaileen artean ezagutzak eta baliabideak trukatzea errazten dute, oztopo logistiko, metodologiko eta etikoak gaindituz. Baina nola hasi edo murgildu ikerketan? Aukera batzuk honakoak dira: iritzi kritikoa izanez, eguneroko galdera klinikoetatik abiatuta, abian diren proiektuetan parte hartuz, berrikuspen bibliografiko batetik abiatuta, erantzun gabe dagoen galdera batetik abiatuta edota doktoretza-tesia egitera animatuz. Kalitatezko praktika klinikoa hobetu ahal izateko, funtsezkoa da ibilbide profesionalean ikerketari eta ezagutzaren kudeaketari tokia egitea.

pdf
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2024 Uxune Apalategi Gomez