Laburpena
Kalamua munduan gehien kontsumitzen den abusuzko droga da. Cannabis sativa landaretik eratorritako droga honek delta-9-tetrahidrokannabinola (Δ9-THC) du osagai psikoaktibo nagusitzat. Eragin sistemikoak ez ezik, ahoan ere eraginak izan ditzake, abusuzko kontsumoaren albo-ondorio gisa. Ikerlan honen helburua kalamuaren kontsumo ez-terapeutikoak ahoan eragin ditzakeen albo-ondorioak aztertzea izan zen, berrikuspen sistematiko baten bidez. Horrela, bilaketa bibliografiko sistematikoa burutu zen PubMed, Scopus eta Web of Science datu-baseetan barneratze- zein kanporatze-irizpideak aintzakotzat hartuta.
Hautatutako hamahiru artikuluetan ikusi zen xerostomiak eta kontsumitzaileen arazo periodontalek erlazio zuzena zutela kalamuaren kontsumoarekin. Bestalde, droga horren abusuzko kontsumoa arrisku-faktorea izan daiteke ahoko ehun bigunen lesioak, mihi alboko biofilm-aldaketak, txantxar-lesioak eta ahoko minbizia izateko. Azkenik, ez zen loturarik aurkitu kalamuaren kontsumoaren eta dastamen- eta usaimen-alterazioen, giza aho-papilomaren birusaren infekzioen, bruxismoaren eta hiposaliaren artean.
Ondorioz, kalamuaren kontsumoak alterazio zuzenak eragin ditzake aho-hortzetako osasunean, eta beste aho-patologia batzuk garatzeko arrisku-faktore bat izan daiteke. Ahoan dituen eraginak aztertuz, odontologoak kontsumitzaileen heziketan eta kontsumoaren prebentzioan duen zeregina nabarmendu behar da.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Oier Candales, Nerea Jauregizar Albonigamayor, Teresa Morera-Herreras