Laburpena
SARRERA: Erakutsi dituzten abantailak direla eta, periferikoki txertaturiko kateter zentralen (PICC: peripherally inserted central catheter) erabilera igo egin da azken urteotan, minbizidun pazienteetan batez ere. Orokorrean gainerako zain-kateter zentralak baino seguruagoak izan arren, PICCak tronbosia garatzeko arrisku handiagoa duela ikusi da. Lotura hau garrantzitsua da, zeren minbizidun pazienteek, morbilitate altuagoa edukitzeaz gain, zain-tronboenbolismoa garatzeko arrisku altuagoa baitute. MATERIAL ETA METODOAK: Datu-bilketa prospektibo batetik abiatuz, kohorte-ikerketa erretrospektiboa egin zen 2018ko maiatzaren 15etik 2019ko abenduaren 15era bitartean Donostia Unibertsitate Ospitalean (DUO) PICCa ezarri zitzaien paziente onkologiko eta hemato-onkologikoekin. Paziente horien tronbosia garatzeko arrisku-faktoreak aztertu ziren, datuen analisi deskriptiboa eta analisi bibariatua eginez (Pearson-en X2). EMAITZAK: Ikerketan 1.024 pazientek hartu zuten parte, eta tronbosiaren intzidentzia % 4,9koa izan zen. Oinarriko gaixotasun ohikoenak digestio-aparatuko minbizia eta linfoma izan ziren, bai paziente guztien artean baita tronbosia jasan zutenen artean ere. Analisi bibariatuan aztertutako arrisku-faktoreak (espezialitatea, PICCaren argi kopurua, PICCaren materiala eta PICCak zainaren barnean okupatzen zuen ehunekoa) ez ziren estatistikoki erlazionatu paziente horien tronbosirako arriskuarekin. EZTABAIDA: Azterturiko populazioan gertatutako tronbosiaren intzidentzia literatura zientifikoan orain arte argitaratutakoarekin bat dator, nahiz eta lan honetan tronbosi sintomatikoen tasa altuagoa izan egindako beste zenbait ikerketarekin alderatuta. DUOn egiten den tronbosiaren maneiua kasu gehienetan egokia dela ikusi zen. PICCari loturiko tronbosiarekin erlazionaturiko arrisku-faktore esanguratsurik aurkitu ez zenez, ezinezkoa izan zen profilaxi antitronbotikoarekin onura izango lukeen paziente-multzoa definitzea.