Laburpena
Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako 10 erronken artean helburu nagusietako bat da Enterobacteriaceae familiako hainbat espezie (Klebsiella pneumoniae, Escherichia coli, Serratia spp. eta Proteus spp. printzipalki), Pseudomonas aeruginosa eta Acinetobacter baumanii bakterioek karbapenem antibiotikoekiko garatzen ari diren erresistentzien agerpena etetea. Horretarako funtsezkoa da erresistentzia-mekanismoen eta inplikaturiko faktore desberdinen ikerketa. Lan hau metodologia kuantitatibo batean oinarrituko da. 2010-2020 bitarteko zenbait datu-base aztertuko dira Europako 30 herrialdetan, urtez urteko konparazioa eginez karbapenem antibiotikoekiko erresistentzietan inplikaturiko faktoreen inguruan. Horien artean honako hauek aurki daitezke: erresistentzia-mekanismoak biologia eta genomikaren aldetik, erresistentzia-tasen eta antibiotiko desberdinen kontsumoaren analisia Europa mailako herrialdeetan, biztanleria-mugimenduen eragina eta, azkenik, ingurumeneko hainbat faktoreren garrantzia (klima, elikagaien industria, abeltzaintza, agronomia eta piszikultura, besteak beste). Inpaktu sozioekonomikoa aztertuta, argi dago karbapenem antibiotikoekiko erresistentzien garapena mundu osorako kezka-arrazoia dela. 2017. urtean jada, horren ondoriozko gastua mundu osoan zehar 94 bilioi euro ingurukoa izan zela estimatu zen. Gaur egun, Europa mailan, 33.000 heriotza erregistratu dira. 2050. urterako 50 milioi heriotza inguru estimatzen dira mundu osoan zehar. Karbapenemak espektro zabaleko antibiotiko betalaktamikoak dira eta bakterio erresistenteek eragindako infekzioei aurre egiteko artsenal terapeutikoan azken lerroa osatzen dute, polimixinekin batera. Antibiotikoen gehiegizko erabilera eta tratamendu desegokiak erresistentzien areagotzearen erantzule garrantzitsuak dira, bai ospitale-mailan baita abeltzaintza bezalako industrietan ere. Biztanleria-mugimenduek bestalde, eragin nabarmena izan dute espezie erresistenteak suspertzen. Ikerketa honen helburua da erresistentzia-tasak geldiarazteko zuzenbide okerrak hautematea eta proposamen berriak ezagutzera ematea.