Laburpena
Farmako antipsikotikoak nahasmendu psikiatrikoen sintomatologia tratatzeko erabilgarriak diren talde terapeutikoa dira, besteak beste, psikosi organiko eta toxikoak, nahasmendu bipolarra, dementziarekin lotutako agresibitatea eta, jakina, eskizofrenia. Nahasmendu hauen sintomatologia kontrolatzeko nahiko eraginkorrak eta erabiliak izan arren, farmako hauek eragin kaltegarri ugari eragin ditzakete, besteak beste ahokoak. Hain zuzen ere, antipsikotikoekin tratatutako paziente eskizofrenikoengan deskribatutako aho-hortzetako osasunaren hondatzearekin lotuta egon litezke.
Ikerlan honen helburua izan zen farmako antipsikotikoek aho-barrunbean eragindako eragin kaltegarriak aztertzea. Horretarako, aho-mailako erreakzio kaltegarrien jakinarazpenak bilatu ziren Europako Farmakozaintzaren datu-basean (EudraVigilance)2012-2021 tartean, eta haiekin erlazionatutako farmako antipsikotiko susmagarrien analisia egin zen.
Esplorazio-analisi horretan ikusi ahal izan zen, antipsikotiko tipikoekin zein atipikoekin, eragin kaltegarri jakinarazienak xerostomia, sialorrea eta ahoko diskinesia izan zirela, nahiz eta jakinarazpen kopurua handiagoa izan antipsikotiko atipikoentzat. Tipikoen artean, haloperidola izan zen jakinarazitako ahoko patologia gehien zuen farmakoa, eta, atipikoen artean, klozapina.
Kontuan hartuta xerostomia, sialorrea zein ahoko diskinesia aho-patologiarekin lotzen direla, hala nola txantxarrarekin, gaixotasun periodontalarekin eta higadurarekin, farmako antipsikotikoen segurtasun-profila gehiago ezagutzeak eskizofrenia duten pertsonen osasun fisikoa eta bizi-kalitatea hobetu ditzake.
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2022 Osagaiz: osasun-zientzien aldizkaria