Laburpena
Emakumezkoetan gernu-inkontinentzia (GI) sarritan agertzen den osasun-arazo bat da, haien bizikalitatea sendo asaldatzen duena; halere, lotsa edota informazio faltagatik ia erdiek ez dute kontsultatzen. Gernu-inkontinentzia mota ezberdinak daude eta horien artean bi dira nagusiak: premiazko gernu-inkontinentzia (PGI) eta estresagatiko gernu-inkontinentzia (EGI). Bai ginekologoak bai urologoak azter dezake arazo hau eta beharrezko ikerketa burutu ondoren tratamendu egokiena ezarri; hasteko teknika kontserbatzaileak erabiltzen dira, zeinak zoru pelbikoko muskuluen indartzean, gernu-maskuriaren heziketan edota eguneroko bizi-ohiturak aldatzean oinarritzen diren. Horiek porrot egiten badute, inkontinentzia motaren arabera tratamendu ezberdinak daude. PGIan tratamendu farmakologikoa erabil dezakegu, antimuskarinikoak edota beta 3 agonista adrenergikoak hain zuzen. EGIaren kasuan, ostera, kirurgiara joko dugu; badaude horretarako hainbat teknika, urteetan zehar hobetuz joan direnak, gaur egun erabiliena uretra azpiko xingolak direlarik, polipropilenozkoak. Xingolen eraginkortasun-tasa altua da, mota ezberdinak daude bakoitza bere berezitasunekin eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da pazienteari aholku egokiena emateko. Beraz funtsezkoa da emakumeek jakin dezaten gernu-inkontinentzia ez dela zahartzearen ondorio normal bat eta badaudela horretarako konponbideak.